XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Apaletan, liburutegirako utzi nahi izan ez zituen liburuez gainera, bi argazki-bilduma zeuden, denbora puska baterako entretenimendua eman zidatenak.

Irriño bat egin nuen bere lehen urteetako irudiak ikustean, nini bat zenekoak, bere lehen pausoak mutiko arduratsuaren aurpegia zuen Toniren eskutik helduta, lehen jaunartzeko argazkietako aingeru-antzeko jarrera, eskolako txangoetako irudi sinpatikoak, nerabe ameslariaren plano hurbilak...

Lehen urteetako txuri-beltzetik gaztetasun alaiaren kolore bizietara, nahiz eta tarteka tristezia ere agertu, iheskor, gehiegi prestaturiko zenbait jarreratan.

Orduan jakin nuen bere alderdirik latzena bakarrik ezagutzen nuela...

Irudi haiek guztiak nik susma nezakeen Nuriaz mintzo ziren, nik deskubritu nahi nuen Nuriaz mintzo.

Poztasuna, ametsak, axolagabekeria, begikotasuna... horiek denak agertzen ziren bere aurpegian, orrialdez orrialde, urterik urte.

Azken argazkiak albuma kolpetik itxiarazi zidan.

Oso berria zen eta bere begiratu sarkorrak egiten ari nintzenagatik kargu hartzen zidala ematen zuen.

Egia esan, nik ez nuen eskubiderik batere han egoteko, bere gelan, bere gauzen artean kuskusean.

Baina, hala eta guztiz ere, atea itxi eta irten nintzenean, berarengandik hurbilago nengoelako sentsazioak kontsolatu egin ninduen.